Gure bizitza, gaur egun, argindarrik gabe imajinatzea ia ezinezkoa egiten zaigu.
Eguneroko gauzak egiteko aukera ematen diguten milaka tresna eta sistema horiek guztiak naturako
fenomeno bitxi honi esker dauzkagu, eta nahiz fenomeno hori betidanik hortxe egon den, gizakiak
kasualitatez aurkitu zuen.
Gaur egun gure bizitzetan ezinbestekoa bilakatu den elektrizitate horrek bide luzea egin du
antzina-antzinatik, eta gizaki asko izan dira beren gogoeta eta ahalegin handiaren bidez gure
bizitzako premia bakoitzera moldatu eta egokitu dutenak.
Historialari guztiak aho batez aitortzen dute Tale Miletokoa greziar filosofoa izan zela energia-mota
hau igarri zuen lehen pertsona, K. a. 624-543 urte bitartean, izan ere, hark ikusi baitzuen lehenengo
aldiz anbar-zati bat (erretxina fosil bihurtua) zapi batez igurztean zatiki txikiak erakartzen hasten zela,
hala nola hosto lehorrak, lumak eta ehun-hariak. Tale Miletokoak uste izan zuen anbarraren barruan aurkitzen
zen "izpiritu" baten ondorioz gertatzen zela hori. Delako izpiritu horri elecktron deitu zion eta hortik dator
elektrizitate hitza.
Egundoko lana izango litzateke elektrizitatearen alorrean gaur arte izan diren aurrerapenak edo horien
ondorengo aplikazio teknologikoak deskribatzea.
Baina ez ginateke gezurretan arituko esango bagenu gaurko zibilizazioa antzinako egoerara itzuliko litzatekeela
energia-mota hori ezagutu izan ez balu. Imajina ezazu zure bizitza elektrizitaterik gabe. Ez litzateke argindarrik
izango, ez telefonorik edo inprenta ez den urruneko bestelako komunikazio-modurik. Ez litzateke ordenagailurik eta
zinerik izango. Medikuntza bere hastapenetara itzuliko litzateke, X izpirik gabe, erresonantzia magnetikorik gabe,
ekografiarik gabe, etab. Elikaduraren munduak atzerakada handia ezagutuko luke hozte-sistemarik gabe.
Komunikazio-sateliterik gabe meteorologiak ezingo lituzke urakanak edo El Niño bezalako korronteak aurrez iragarri.
Autorik ere ez zen izango, horretarako beharrezkoa izan baitzen bujien aitzindari izan zen Volta-pistolatik iragatea.
Autorik ez baldin badago, eraikuntza-makinarik ere ez da izango. Izango ote da eraikinik, zubirik, tunelik? Agian oso
gutxi. Nolabait ere, aurrerapen horiek ekarri dituzten arazoak ez genituzke izango, baina zeren truke?
Sukaldetik hasita, ondokoek motorra dute:
- Mikrouhin-labearen haizagailuak.
- Irabiagailuak.
- Lata-irekigailuak.
- Hozkailuak.
Honakoek ere badute motor elektriko bat:
- Garbigailuak.
- Lehorgailuak.
- Zulagailu elektrikoak.
- Xurgagailuak.
- Zerra elektrikoak.
Bainuan ere honakoek motor bana dute:
- Hortzetako eskuila elektrikoak.
- Lehorgailuak.
- Bizarra mozteko makina elektrikoak.
Autoa ere tresna elektrikoz beterik dago:
- Leiho elektrikoak.
- Aireztapen-sistema eta erradiadorea.
- Leiho-garbigailuak.
- Pizteko motorra.
- Irrati-antena elektrikoak.
Horiez gain, motorrak ere badira beste leku askotan:
- DVDan.
- CD irakurgailuan.
- Ordenagailuan.
- Jostailu askotan.
- Erloju elektrikoetan.
- Garajea irekitzeko atean.
- Arrain-ontzietako ponpetan.
- Etab
Mugitzen diren gauza guztiek sistema elektriko bat erabiltzen dute mugimendua egiteko.
Elektrizitatearen kontsumoa eta bizitza modernoa guztiz sinonimoak direla esan daiteke mundu industrializatuan.
Gure komunikazioak, garraioa, elikagaien hornidura eta etxe, bulego eta lantokietako erosotasun eta zerbitzu
gehienak energia elektrikoaren hornidura fidagarri baten menpe daude.
Herrialde gehiago industrializatu ahala, kontsumitzen den energia-kopurua ere handiagoa izango da. Energiaren
kontsumo mundiala 25 aldiz handiagoa da joan den mendeaz geroztik. Biztanle bakoitzeko batez besteko
elektrizitate-kontsumoa hamar aldiz handiagoa da gutxi gorabehera herrialde industrializatuetan garapen bidean
dauden herrialdeetan baino.
Baina egun garapen bidean dauden nazio askotako ekonomiak oso azkar handitzen ari dira, eta horren ondorioz,
datozen 15 urteetarako elektrizitate-eskaerek nabarmenki gora egingo dutela aurreikusten da. Eskaera hori asetzeko,
beharrezkoa izango da elektrizitate-ekoizpena ere nabarmenki handitzea.