Sistema elektrikoa

Deskribapen teknikoa

Konfigurazio Nagusia

Zentralak gas-turbinadun bi turboalternadore-multzo ditu, transformadore nagusien bitartez sarea hornitzen dutenak eta, gainera, osagarriei eta lurrun-turbinadun turboalternadore-multzo bat elikatzen dutenak, multzoko transformadore baten bitartez zuzenean sarea hornitzeko.

Energia hiru turboalternadoreren bitartez sortzen da zentralean, horietako bakoitza turbina desberdin bati atxikia, horietako bi gasezkoak eta bestea lurrunezkoa izanik, hurrenez hurren 15,75 kV sortuz, 254 MWko potentziaz gas-turbinentzat eta 284 MW-koaz lurrun-turbinarentzat.

Lurrun-turbinaren alternadoreak sarea hornitzen du, fase isolatuko barra-joko baten bitartez zuzenean loturiko transformadore nagusi baten bidez, makina-etengailurik eta deribaziorik gabe.

Gas-turbinetako alternadoreek sortutako energia fase-barra batzuen bitartez garraiatzen da transformadore nagusietaraino. Barra horietatik transformadore osagarrietara doazen konexioak irteten dira.

Osagarrien transformadorera doazen konexioen eta alternadorearen artean etengailu bat jartzen da, eteteko gaitasuna duena, aurreikusitako intentsitate-faltarako, eta horri esker, osagarrien transformadorea abiarazte-transformadore gisa erabili daiteke.

Osagarrien transformadoreek bi bigarren mailako dituzte, eta horietako batek BBGren birgasifikazio-lantegia elikatzen du.

Tentsio ertaineko barra-multzoa (6kV) hiru barra-sailek osatua dago, osagarrien transformadoreek elikatuak eta etengailu baten bitartez elkarrekin konektatuak.

Tentsio ertaineko barrak kabina metalikoen multzo batek osatuak daude, barneko erako etengailuekin ekipaturik, hexafluoruroko ebaketa edo hutsarekin, desentxufatu daitezkeenak, trifasikoak, elikatzen duten ekipoaren araberako intentsitateak eta babesak dauzkatelarik.

Tentsio ertaineko barrei 200 kW edo potentzia gehiagoko motor guztiak konektatzen zaizkie, baita TE/BT transformadoreak ere, aldi berean behe-tentsioko zerbitzuak elikatzen dituztelarik.

Behe-tentsioko barrak blindatu erako kabina metalikoen multzoek osatuak daude, konpartimentu frontalekin antolatuak, eta horietan kokatzen dira etengailuak, neurketarako aparailuak, aginduak ematekoak eta babeserakoak, eta barrak eta tentsio eta intentsitateen transformadoreak, potentzia-barrak eta kanpoaldera doazen kableentzako konexioak atzealdean daude. Etengailuak atera daitezkeenak dira, eta elikatzen dituzten zerbitzuentzat intentsitate egokia dutenak.

Behe-tentsioko barra horietatik elikatzen dira Motorren Kontrol Zentroak (MKZ), bateriak kargatzeko ekipoak, eta beste batzuk. Baita 75 kW eta 199 kW artean dabiltzan motorrak ere.

Motorren kontrol-zentroak gelatxo independente eta erauzgarriez osatuak daude, motor desberdinen egoeraren arabera multzokaturik, eta horiei esker, 75 kW baino potentzia txikiagoa duten zerbitzuak eta motorrak eta 150 A baino txikiagoak diren alimentazioak elikatzen dira.

Izaera orokorreko zerbitzuetarako, hala nola argiteria, indar-entxufeak, kabinen berokuntza-erresistentzia eta beste zenbait zerbitzu, bi indar-zentro eta argiteria aurreikusi dira, 500, 500 eta 120 kVAko hiru transformadoreren bitartez elikatuak, 400/400-230 V transformazio-erlazioa izanik.

Etengailuen aginterako, baita seinaleak, babesak, larrialdiko ekipoetako motorrak, etab. jartzeko, bi bateria-sail daude, 110 V-koak, beren karga-ekipoarekin eta korronte zuzeneko banaketa-taularekin. 24 V-ko bateria horietako bat korronte zuzenekoa da.

Korronte alternoko elikadura etengabea beharrezkoa duten zerbitzuetarako 25 kVA inguruko bi uhin-egile antolatzen dira, bateriek elikatuak, korronte alternoko energiaz hornitzeko gai izango direnak, alternoko tentsioan akats orokorren bat gertatzen denerako.

Halaber, larrialdietarako bi Diesel talde antolatzen dira, potentzia egokia dutenak, gutxi gorabehera 800 kWkoak, ordubetekoa baino iraupen luzeagoa den akatsen bat gertatuz gero kanpo-elikaduran, lantegiarentzat funtsezkoak diren ekipoetan zerbitzua berrezartzeko aukera emango dutenak.